Zentro teknologikoak Revalheat abiarazi du, gaur egun aprobetxatzen ez den beroa produkzio-prozesuetan sartzeko gai den startup bat; hala, erregai fosilen kontsumoa eta CO₂-emisioak murriztuko dira
Derio, 2026ko azaroaren 2a. Industriaren deskarbonizazioa lantzen jarraitzen du TECNALIAk eta, horretarako, produkzio-prozesuen hondar-beroa aprobetxatzeko eta berrerabiltzeko moduko energia bilakatzeko gai den teknologia bat garatu du. Teknologia hori du oinarri Revalheat startupak, zeinak gaur egun alferrik galtzen den industriako tenperatura baxuko hondar-beroa berreskuratzeko eta hari balioa emateko soluzioak garatzen baititu.
Teknologia hori azaroaren 3an emango da ezagutzera DS Industry 2026 ekitaldian, Bilbao Exhibition Centren; han, enpresek aukera izango dute teknologia honek efizientzia energetikoa hobetzeko eta industriaren deskarbonizazioa bizkortzeko duen potentziala ezagutzeko.
Enpresaren xedea da hondar-bero hori industria-prozesuetan erabiltzeko moduko energia bilakatzea eta, hala, laguntzea instalazioen efizientzia energetikoa areagotzen, erregai fosilekiko mendekotasuna murrizten eta energia-kontsumo intentsiboa duten sektoreen deskarbonizazioan aurrera egiten.
Jesús Isoird TECNALIAko Energia Berriztagarrien eta Eraginkortasun Termikoaren zuzendariak azaldu duenez, “Erronka oso zehatz bati erantzuteko sortu da Revalheat: orain arte berreskuratzen zaila zen tenperatura baxuko hondar-beroa aprobetxatzea. Gure teknologiaren bidez, aukera dago haren maila termikoa igo eta industria-prozesuan berriro integratzeko, eta, horri esker, energia-kontsumoa eta hari lotutako emisioak murrizten dira”.
Absortzio bidezko bero-transformadorean (AHT, ingelesezko Absorption Heat Transformer izenetik) oinarritzen da startup berria; absortzio bidezko II motako bero-ponpa (absorption heat pump type II) ere esaten zaio transformadore horri. Teknologia termodinamiko horrek hondar-beroa erabiltzen du energia-iturri nagusi gisa, haren maila termikoa areagotzen du, eta produkzio-prozesuan aprobetxatzeko aukera ematen du, horretarako moduko tenperaturan jarrita. Hala, Revalheatek industriarako aktibo energetiko eta ekonomiko bilakatzen du gaur egun alferrik galtzen den baliabide bat.
Industria deskarbonizatzeko bide berri bat
Industriak kontsumitutako energiaren parte esanguratsu bat bero moduan askatzen da. Hala ere, hondar-bero hori tenperatura baxuan dagoenean, zaila edo ezinezkoa da soluzio konbentzionalen bidez aprobetxatzea.
Revalheatek garatutako absortzio bidezko bero-transformadoreak aukera ematen du 70 eta 110 °C bitarteko hondar-beroa 120-150 °C-ra igo eta industria-prozesuari eta behe-presioko lurrunaren premiei loturiko eskari termikoak asetzeko. Bero hori berreskuratuta, kanpotik hartu beharreko energia murrizten da, eta, ondorioz, erregai fosilen kontsumoa eta CO₂-emisioak murrizten dira.
Ura eta litio bromuroa lan-fluxu gisa erabiltzen dituen absortzio-ziklo batean oinarritzen da teknologia. Sistemak oso elektrizitate gutxi kontsumitzen du tenperatura igotzeko, instalazioan erabilgarri dagoen hondar-energia termikoa bera eta absortzioaren prozesu exotermikoa erabiltzen baititu iturri nagusi gisa. Gailuak 0,5 inguruko errendimendu-kozientea du (COP), eta gutxi gorabehera sarrerako hondar-beroaren erdiaren balioa areagotzen du; hala, 30-50 K igotzen du, energia gehigarririk gabe.
Revalheatek kontrol-sistemen optimizazioa ere lantzen du, bai transformadorearen beraren funtzionamenduan, bai produkzio-prozesuak integratzeko garaian. Kontrol hori funtsezkoa da industria-instalazio bakoitzaren bariazio operatibo eta energetikoetara egokitzeko ekipamenduaren erantzuna.
Teknologiaren diseinu eskalagarriak aukera ematen du 200 kW inguruko ahalmeneko soluzioak eta dimentsio industrial handiagoko proiektuetarako soluzioak garatzeko.
Europako zenbait proiekturen barruan frogatu da teknologia bideragarria dela industria-ingurune errealetan. Testuinguru horretan, hobekuntzak erregistratu dira efizientzia energetikoan eta emisioen murrizketan, eta kostu operatiboak aurreztu dira, 2 eta 4 urte bitarteko inbertsio-errentagarritasunarekin. Horri guztiari esker, industria-enpresek aukera dute araubide berriei aurrea hartzeko, beren prozesuen klima-inpaktua murrizteko eta instalazioen ingurumen-portaera hobetzeko, efizientzia operatiborik galdu gabe.
Merkaturatze honekin, industriaren energia-erronka nagusietako bat konpontzerako soluzio berri bat bultzatu du TECNALIAk, tenperatura baxuko hondar-beroa aprobetxatzeko eta produkzio-prozesuak mantentzeko behar den kanpo-energia murrizteko. Absortzio bidezko bero-transformadoreak teknologiaren eta ekonomiaren ikuspegitik ikertzea eta haiek fabrikatzea eta instalatzea da REVALHEATen helburua.
TECNALIAri buruz
TECNALIA Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, Europako erreferentzia eta Basque Research and Technology Alliance-ko kide. Enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta hazkunde jasangarria lortzeko. Horretarako, 1.500 lagunetik gorako lantalde bat dauka, ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobea eraikitzeko konpromisoa hartu duena. Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.
TECNALIAren misioa da ikerketa teknologikoa oparotasun bihurtzea, eta ikuspegia, berriz, enpresen eta gizartearen eraldaketaren eragile lider gisa etorkizunari aurrea hartzea, gero eta azkarrago eboluzionatzen ari den munduaren erronketara egokitu daitezen. Horregatik, TECNALIAren ikerketak benetako eragina du gizartean, eta onurak sortzen ditu bizi-kalitatean eta aurrerabidean. European Research Survey ERSk ospeari eta posizionamenduari buruz egindako azken azterketan (2025ean egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da I+G+Ban markak duen ospeari dagokionez.

Iruzkin bat utzi